
Orain dela egun batzuk, hilabete t´erdi izango da honez gero, ibilaldi bat egin nuen Izarraizko pagadi batera, eta, egia esan, ikusi nuena ez zitzaidan batere gustatu, lehorregi zegoelako, negu lehor samarra izan dugu eta. Baina orain, euria bota eta bota ari duen ia hilabeteko aldiaren ondoren, berriro joan naiz bertara, eta, hara! Kontua aldatu egin da.

Kamara, tripodea, motxila eta gainontzeko tramankuluak hartuta luze ibili ondoren, honako lore hau topatu dut. Zoragarria da ikustea udaberria nola ernetzen den oraindik pagoak neguko lotan daudela. Pagadian azaltzen diren lehenengo loreak dira, more edo lila kolorekoak, oso finak. Nonbait, pagoak oraindik soilduta daudelako irteten dira, eguzkiaren argia errazago sartzen baita, eta horrela hostoak irten aurretik loratzen dira landare eder horiek. Ikuskizunak 15 egun baino gutxiago irauten du.
Ea ba, orain lore horiekin eta udaberriarekin gozatzen dugun.
Jon Andoni Martin Pegote
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|





