MAXIXATZEN

  • Letra tamaina Handitu
  • Berezko Letra tamaina
  • Letra tamaina Txikitu
Home Elkartea Ibilbidea
Ibilbidea

Nondik gatozen

E-posta Inprimatu PDF fitxategia


Maxixatzenen sorrera eta ibilbidea:

1996ko apirilean ekin zion Maxixatzenek bere bideari, Zumaiko Baleike eta Arrasate Press ezagututa, haien antzeko herri aldizkaria egiteko asmoarekin. Orduko bileren emaitza 1996ko Andramaixetan iritsi zen, Maxixatzen izeneko hilabetekari moduan. Hasiera horrek gehienbat komunikabide arlora bideratutako euskara elkarte bihurtu zuen Maxixatzen, eta oraindik ere azkoitiar askorentzat Maxixatzen komunikabide bat da, ez euskara elkartea.

Bidean aurrera eginez, 1997an Topagunea euskara elkarteen federazioko partaide bihurtu zen, eta horrela dirau Euskal Herriko 95 euskara elkarterekin batera. Denboraren joanean, hilabetekaria astekari bihurtu zen, 2003ko urriaren bueltan hain justu.

Aldi berean, kultura emanaldiak antolatzen hasi ginen, kontzertuak, poesia emanaldiak, txotxongiloak, ume jolasak eta abar. Joan den urteko abenduko kulturaldia dugu azken adibidea. Bi liburu ere argitaratu ditugu: Azkoitiko gaitzizenak eta Azkoititik begiratuta.

Gainera, Udaleko euskara mahaian 9 urte egin genituen, desadostasun handiekin, eta 2008ko urtarrilean joan ginen azkenekoz, Kontzejupetik udal aldizkariari 63000 € esleitu behar zizkiotela jakin genuenean.

2009ko maiatzean argitaratu genuen azken astekaria. San Andresetan berriro argitaratzen saiatu ginen, baina kale egin genuen. Ordurako bagenekien aurrera begirako planteamendua egitekotan ordura artekoak baino oinarri soziolinguistiko sendoagoak behar genituela. Horrexegatik antolatu genituen formazio saioak, eta jakineko jendea gonbidatu genuen haietara. Azkoitiko hizkuntza dinamika ulertu eta interpretatzeko gakoak ikastearekin batera, taldea indartu egin zen, kopuruz eta ahalmenez.

Gaur egun, 470 bazkide eta kolaboratzaile ugari dituen proiektua izatera iritsi da Maxixatzen.