MAXIXATZEN

  • Letra tamaina Handitu
  • Berezko Letra tamaina
  • Letra tamaina Txikitu
Home Kultura Plaza Bidezkoa denak egiten du bide hobea

Bidezkoa denak egiten du bide hobea

E-posta Inprimatu PDF fitxategia

Argazkia: Javier Beristain

Krisiaren aitzakiaz agintariak eragiten ari diren bidegabekeria ugariko garai hauetan, bidezkoa da geldiune bat egin, eta pentsatzen hastea.

Pentsatzeko, hizkuntza dugu bide, eta bide hori zenbat eta egokiago mantendu, orduan eta errazago ibiliko da bertan ibili nahi duen oro. Bidezkoa da, beraz, nork bere bidea txukun mantentzeko ardura hartzea. Bidezkoa da, horrenbestean, euskaldunok euskararen bidea zaintzea.

Bidezkoa da, orobat, nork bere bidea zabal eta askotariko ibiltarientzako atezarik gabe eskaintzeko ilusioa izatea. Zenbat eta ibiltari urrunagokoak izan bidean, orduan eta aberatsagoa izango da bideko joan-etorria, eta orduan eta urrunagora iritsiko dira gure bideko oihartzunak ere, bidazti bakoitza bere etxera iritsitakoan. Zenbat eta euskaldun desberdin gehiago, orduan eta aberatsago izango gara euskaldunok guztira, eta hizkuntzen ekosistema oro har. Bidezkoa izango da, ba, nork bere oreka biologikoari eustea, ezta?

Bidezkoa da, inolaz ere, bidean zehar urrezko legea aplikatzea (ez egin inori zeuri inork egiterik nahi ez duzunik), hori baita gizalegez bidezkoa gizon-emakumeen artean. Hizkuntzen esparruan, bidezkoa da nork bere hizpidea zaintzea, gainontzekoek zaindu beharrekoei kalterik eragin gabe.

Bidezkoa da, azken batean, Lorea Agirrek Berriako artikuluan bikain jorratu bezala, pentsatzea bidea zenbat eta bidezkoagoa izan, orduan eta hobea izango dela edozeinek ibil dezan.